Idoia Apaolaza: «Haurrak jolasa erabiltzen du ingurua ezagutzeko»

Imanol Garcia Landa 2015-01-15 10:53   gizartea  Ikaztegieta
Idoia Apaolaza psikopedagogo ikaztegietarrak hitzaldia emango du gaur Ikaztegietako udaletxean, Nola landu matematikak, hizkiak jolasaren bidez? Nola hobetu hiperaktibitatea eta portaera? izenburua du hitzaldiak, eta 16:30ean hasiko da.

Nola sortu zen hitzaldia emateko aukera?


Herritar talde batek proposatu du hainbat alorretan aritzen garen zenbait herritarrek herrian bertan horiek ekitaldiak egitea. Ni hitzaldiak ematen aritzen naiz eta horixe egitea proposatu zidaten. Aurreko hilean beste herritar bat izan zen ere hitzaldi bat ematen eta aurrera begira herriko margolariek egindako koadroekin erakusketa izango da. Proposamen horrekin nahi da herriko jendeak parte hartzea eta gerturatzea.

Nola aukeratu dituzu azalduko dituzun gaiak?

Hitzaldiak emateaz gain, kontsulta pasatzen dut bai Ikaztegietan eta baita Beasainen Ttiklik elkargunean ere, eta nik lan egiten dudan bezeroak adin ezberdinetakoak dira, eta haurrekin erabiltzen dudan estrategia izaten da jolasa. Hori ardatz moduan hartu eta matematikak lantzen ditugu modu dibertigarri batean, baita idazkera eta irakurketa ere. Nerabeekin ere aritzen naiz, eta bi adin tarteak jorratu nahi ditut.

Jolasa garrantzitsua da haurrarentzako?

Jolasak funtzio ezberdinak ditu. Jolasa haurrari espontaneoki ateratzen zaion ekintza da, berezkoa da, naturala. Haurrak jolasa erabiltzen du ingurua ezagutzeko, ingurukoekin harremanetan jartzeko. Aurrena gurasoekin barre txikiak eginez izango da, gero hasiko da pixkana laguntxoekin, irakasleekin... Hasierako bidea izaten da, eta, beraz, zergatik ez aprobetxatu jolasa bere bitartez irakasteko? Irakasten badiogu modu dibertigarriago batean errazago ikasiko dute eta motibatuagoak egongo dira. Gauza ezberdinak egin daitezke: fitxa bat landu dezakegu, edo arbel batekin eta harri batzuekin landu dezakegu matematikak. Kontzeptua pixka bat apurtzea da. Dibertigarria da jolastea eta baita ere matematika edo idazkera lantzea. Bi horiek uztartzen saiatzen naiz eta gaia hortik etorri da.

Hiperaktibitatea ere landuko duzu hitzaldian. Horren inguruan hainbat ikuspegi izango dira.

Hiperaktibitatea bolo-bolo dabilen gai bat da. Definizio gisa izaten da mugimendu asko behar duen ikaslea, zentratzea kostatzen zaiona, despisteak izaten dituzte, portaera kontrolatzeko ere zailtasunak izaten dituzte, gehienbat inpultsoen arabera jokatzen dutelako... Askotan hiperaktibitatea lotuta izaten da portaera arazoekin, eta bezero batzuk etortzen zaizkit hiperaktibitatea dutenak, eta horiekin lanketa bat egiten da. Hasieran aurkezpena jolasa zer den esplikatuz hasten naiz eta gero hiperaktibitatea lantzen dut, zer egin dezakegun guraso bezala hiperaktibitatea duen haur bat izanez gero, nola hobetu dezakegun berarekin elkarbizitza, eta portaera arazoak baditu, bada hori nola hobetu daitekeen eta pauta batzuk ematen ditut.

Nola ulertzen duzu zuk psikopedagogia?

Bizitzeko filosofia bat da, bi semeren ama naiz eta horiek hezteko baliagarria izan zait eta izaten ari zait, pertsonak ezagutzeko eta nire burua ezagutzeko ere bai, hezkuntza mailan beste modu bateko hezkuntza ere badela eta gauzak beste modu batera landu daitezkeela, haurraren erritmoa errespetatu behar dela, nola errespetatu dezakegun... Ikasketa ez da titulu bat lortzea eta hor bukatu da dena. Ikasketa da zerbait gustatu behar zaiguna eta bizitza guztirako dena, eta psikopedagogiaren barruan dago filosofia hori ere bai. Nik aplikatzen dudana da bizitza guztian zehar ikasten jarraitzea. Horretarako zer behar da? Motibazioa. Eta hori lantzen ere aritzen naiz.

Zeini zuzenduta izango da hitzaldia?

Gurasoei zuzendua da, baina edozeinentzako irekia dago. Nik uste kuriositatea duen guztientzat beti da interesgarria. Eta niri gehien gustatzen zaidana da bukaerako debatea. Nik nire ikuspuntua ematen dut, baina baita ere gustatzen zait entzuleak bere ikuspuntua izatea eta hortik ikastea. Beraz, animatzen dut jendea eztabaida sortzera.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Enekok txingurriak dauzka sabelean!

MIREN TRISTE DAGO

ROSAK EZ DU BEREGAN SINISTEN!